Iwi

Zeelanda Berriko iwi-en kokapena

Aotearoa-n Iwi esaten zaio maori kulturaren barruko gizarte-unitate handienari. Iwi hitzak «jendea» edo «herria» esan nahi du;[1] tribu, leinu edo klan hitzen antzeko esanahia du, batzuetan zenbait triburen bildura izan badaiteke ere.

Maorien ahozko tradizioaren arabera, Iwi taldeak migrazio polinesiarraren garaitik ezarri ziren. Iwi batzuk talde handiagoetan biltzen dira whakapapa (genealogia) delakoaren arabera, eta talde hauei waka deitzen zaie («kanoak» edo «traineruak» jatorrizko migrazioari aipua eginez). Europar kolonizazioaren aurreko garaietan, maori gehienak talde txiki samarretan elkartzen ziren, hapū («azpitribu») eta whānau («familia») izenekin ezagutzen direnak. Iwi bakoitza hainbat hapū-k osatzen dute.

Zeelanda Berri modernoan, iwiak botere politiko nabarmena izan dezake lurraren eta jarduera batzuen berreskurapenean eta kudeaketan. Gobernuak akordioak egin ditu zenbait iwi-rekin 1840ko Waitangiko Ituna ez betetzeagatik sortutako kalteak nolabait konpentsatzeko.

  1. Ballara, A.. (1998). Iwi: The dynamics of Māori tribal organisation from c.1769 to c.1945.. Victoria University Press.

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search